Lau urte kanpoan egin ondoren, gogotsu itzuli da Bilbora. Lehen baino loratuago dago taldea, baina lore ederrenak ere izan ohi ditu arantzak, eta, arazoak ahaztuta, denboraldi ona egitea espero du.
Langilea da Aritz Aduriz (Donostia, Gipuzkoa, 1981). Langilea eta fina. Hobetzeko asmoz egiten du egunero Sopelatik Lezamarako bidaia, eta, Athleticera iritsi berria den arren, zutabe nagusietako bat izatera deitua dago. Oraingoz, Marcelo Bielsaren lan egiteko erara egokitzen ari da, «erraza ez» den arren. Dena den, gogotsu dago, eta gogo berarekin erantzun dizkio galderak BERRIAri, bazkaldu berritan, lasai, sofan eserita.
Egokitu al zara dagoeneko zure talde zahar berrira?
Bai. Ez da zaila Athletici neurria hartzen, familia txiki bat bezalakoa delako. Aurrez jokalari gehienak ezagutzen nituen, eta besteekin ere harreman ona egin dut; horrek guztia errazten du. Kirol arloari dagokionez, entrenamenduetara ohitzea kostatzen ari zait, Bielsaren lan egiteko era oso ezberdina baita. Fisikoki, dezente daukat hobetzeko.
Egin al zenuen zalantzarik Athleticen deia jasotzean?
Aukera egiteko garaian beti edukitzen dira alde onak eta txarrak, baina argi dago deiak ilusio handia egin zidala eta ez nuela bi aldiz pentsatu. Beste eskaintza tentagarri bat ere baneukan mahai gainean, Valentziarekin beste urtebeterako lan hitzarmena ere bai, baina benetan hauxe nahi nuen.
Lau urte eman dituzu Athleticetik kanpo. Joan zinenetik hona asko aldatu al da taldea?
Ez pentsa. Zuzendaritzari dagokionez jende berria badago, baina gehienak lehengo berak dira. Jende askok urte mordoa darama Athleticen lanean, eta familiartera itzultzea bezala izan da. Joan izan ez banintz bezala sentitu naiz. Badirudi iazko denboraldia hemen egin nuela.
Baina ez zenuen egin, eta begira Athleticek zer lortu zuen. Inbidia apur bat izango duzu.
Bai, noski, inbidia sanoa. Dena den, Athleticeko jarraitzaile moduan kanpotik gozatu nuen, eta ez gutxi. Gustatuko litzaidake egunen batean bi final jokatzea.
Zuk esana da, profesionaletako garairik onenean itzuli zarela Bilbora.
Gauzak esateak ez du askorako balio, zelaian erakutsi behar da norberaren jokoa. Mallorcak zein Valentziak esperientzia asko eman didate, eta orain jokalari osoagoa naiz, baina horrek ez du ezer esan nahi. Lau urte oso polit pasatu ditut kanpoan, baina hasiera ez zen erraza izan. Mina eman zidan hemendik alde egiteak, oso kontentu nengoelako, baina ongi moldatu naiz ibili naizen bi taldeetan, eta asko ikasi dut. Ez naiz ezertaz damutzen.
Gainera, badakizu zer den Txapeldunen Liga jokatzea.
Valentziarekin izan dut horretarako aukera, eta izugarri gauza ederra da. Txikitan neukan ametsetako bat bete ahal izan dut. Mestallak gauza asko eman dizkit. Egia da asko eskatzen duen zelaia dela, baina aldi berean, ongi portatu da nirekin.
San Mamesek ere maitea zaitu. Dena den, sasoia ez duzue nahi bezain ongi hasi.
Egia da. Europan aurrera egin dugu, eta hori izugarri garrantzitsua zen guretzat. Kanporatu izan bagintuzte… Ligan, berriz, pattal gabiltza. Lehen bi partidetan gaizki jokatu genuen eta gol asko jaso genituen. Hirugarren neurketan hobetu genituen gauzak, eta hasi gara konfiantza hartzen. Hemendik aurrera hobetzeko daukagu dena.
Zer dela-eta hain hasiera txarra?
Gauza askok egiten dute bat talde baten errendimenduan, eta kontu dezente gertatu zaizkigu: Bielsaren haserrea, Llorenteren eta Javi Martinezen afera… Ez dut aitzakiarik jarri nahi, baina nahiko giro nahasia bizi izan dugu. Aldagela barruan saiatzen gara zurrumurruetatik aldenduta egoten, baina jendearen eta hedabideen kontuek eragiten digute. Profesionalak izaten saiatzen gara.
Badirudi urak baretu direla apur bat.
Azkenean, futbolaren ohiko kontuak iritsi dira Lezamara. Athleticetik jokalariak fitxatzea ez da urtero gertatzen den gauza bat, baina halako kontuak gertatu izan dira, gertatzen dira eta gertatuko dira. Taldean gaudenok ahalegintzen gara ahal dugun onena ematen.
Llorentek Athleticen egingo du aurtengo sasoia; beraz, lehiakortasuna izango duzu aurreko aldean. Hori ona al da zuretzat?
Uste dut baietz. Bai niretzat, baita taldearentzat ere. Gero eta jokalari on gehiago eduki, hobe. Fernando oso garrantzitsua da guretzat, lehen-lehen mailakoa da, eta hori erakutsi du. Denon artean denboraldi ona osa dezakegu.
Eta Javi Martinezi dagokionez, asko igarriko al da haren hutsunea?
Javi ere maila izugarriko jokalaria da, azken sei sasoitan erakutsi duen moduan. Baina jada ez dago, eta haren ordez jokatzen duenak ziur nago ongi konplituko duela. Hain ongi jokatzen duen talde bat ezin da hasi gaizki jokatzen jokalari bakar bat falta zaiolako.
Helburua hitza aipatzean, zer datorkizu burura?
Helburua beti hobetzea izaten da, baina iragan sasoikoari gain hartzea ez da erraza. Ligan badaukagu zer hobetua, eta talde polita dugu lehen postuetan sailkatzeko. Horri begiratu behar diogu gehienbat. Espainiako Kopan eta Europako Ligan, noski, saiatuko gara, gutxienez, joan den denboraldikoa berdintzen. Hiru lehiaketetan aritzea ez da batere erraza izango, nahiz talde zabala izan.
Titulurik ez daukazu futbolari gisa. Athleticekin lortzea ederra litzateke.
Hori ametsa betetzea litzateke. Gabarran joatea... Kar-kar-kar. Hobe ez pentsatu.
Eta Marcelo Bielsari buruz, zer diozu? Kanpotik begiratuta, jakin-mina sortzen duen gizona da.
Normala da kuriositatea izatea. Ez da entrenatzaile arrunt bat, baina horrek ez du esan nahi arraroa denik. Gauzak oso intentsitate handiarekin bizitzen ditu, izugarri eskatzen dio jokalariari, eta horrek asko hobetzera eramaten zaitu. Berak Athleticen egin duena egitea oso zaila da. Izan ere, jokatzeko era berria azkar batean egokitu zuen taldean, eta bi titulu irabazteko zorian egon zen. Urtebetean halako trantsizio azkarra lortzea ia ezinezkoa da, eta hori Bielsak soilik lor dezake. Berak planteatzen duen joko era oso polita da; niri asko gustatzen zait. Futbolari buruz argudioak ematen hasten denean entzun egin behar zaio, eskola magistralak ematen dizkigu.
Egiaztatu al duzu El Loco (Eroa) zergatik esaten dioten?
Nik ezagutu ditudan entrenatzaileak aintzat hartuta, ez dauka inolako antzik inorekin. Lan egiteko modua bera ere ezberdina dauka, berezia. Segundo bakoitza bizi egiten du, futbola maite du. Jokalarioi eskatzen digu jokoan murgilduta egoteko une oro, eta kontzentrazioa ez galtzeko.
Egia da Athleticek aho asko utzi zituela zabalik iazko sasoian, baina, oro har, euskal futbola krisian dagoela uste al duzu?
Ez zait iruditzen. Lehen Mailan hiru talde dauzkagu, eta onak gainera. Jokalari on asko dauzka Euskal Herriak, eta, urte hobeak izan dituen arren, ez gaude egoera kaskarrean.
Reala, esaterako, zer moduz ikusten duzu?
Oso talde polita dauka Realak. Zuzendaritza gauzak ederki egiten ari da, etxeko jokalariei konfiantza handia emanaz, eta funtzionatzen ari dira. Kalitate handiko gazteak dauzkate, eta, etorkizunean ez ezik, orain ere edonori susto handiak emateko gai dira. Itxura oso ona hartzen diot.
Eta Espainiako Liga, berriz ere bi talderen kontua izango al da?
Bartzelona eta Real Madril. Ez dut ikusten titulua irabazteko beste hautagairik. Gaur egungo aurrekontuekin eta futbol ikuspegiarekin txikiok ez daukagu zer eginik. Aldea gero eta handiagoa bihurtzen ari da, eta iruditzen zait zerbait egin beharko genukeela kontuak berdintzeko. Baina alferrik da. Krisia Espainiako Liga astintzen ari da baina talde handiek berdin jarraitzen dute. Eta okerrena zera da, talde txikien eta handien arteko aldea gero eta handiagoa izango dela.
«Lan nekagarria da aita izatea, baina zinez ederra ere bai»
Egunetik gauera erabat aldatu zitzaion bizitza Aritz Adurizi. Athleticeko elastikoarekin sartu zen ohera, eta hurrengo goizean Mallorcakoarekin esnatu. Ez zen aldaketa erraza izan donostiarrarentzat, jokalari gisa ez ezik, pertsona moduan ere bizitza berri bati egin behar izan baitzion aurre. Bi urte egin zituen Mallorcan, eta beste bi ondoren Valentzian. Hizkuntza, ohiturak... errotik aldatu behar izan zituen, baina ez da ezertaz damutzen. Gainera, haren taldekide izandakoei eskola txiki batzuk ere eman dizkie.
Asko aldatuta eduki al duzu bizimodua Euskal Herritik kanpo bizi izan zarenean?
Mallorcara joan nintzenean, hasieran aldaketa handia izan zen, eta triste egon nintzen. Une gogorrak igaro nituen, eta futbolari gisa ere kosta zitzaidan nire onena ematen. Baina berehala jende jatorra ezagutu nuen, eta lau urteren balorazio oso ona egiten dut orain. Zelai barruan zein zelaitik kanpo, asko ikasi dut.
Dena den, ziur gurasoak gusturago egongo direla zu hemen bizita.
Dudarik gabe. Ez naiz nahi bezainbeste egoten eurekin, baina nire denbora librean familiarekin egotea asko gustatzen zait. Esan beharra daukat, hori bai, kanpoan bizi nintzenean pozarren joaten zirela niregana, eguraldi beroaz gozatzera.
Orain bilobaz gozatuko dute. Izan ere, aita izan berri zara.
Bai, orain bi lan ditut. Uztailean, alaba bat eduki genuen, Iara izena du, eta oso gustura gaude. Apur bat lan nekagarria da, baina zinez ederra ere bai; beste guztia konpentsatzen du alaba edukitzeak. Gauza polita da aita izatea.
Lehen denbora libre gutxi, eta orain gutxiago izango duzu.
Halaxe da. Ematen du futbolariok denbora libre asko izaten dugula, baina gezurra da. Atsedenak eramaten du gure denbora libreko denborarik gehiena, eta gustatuko litzaigukeen gauza askori egiten diogu uko. Kirol gehienak asko gustatzen zaizkit, eta kasu egiten diet. Tamalez, kirolik ezin dut praktikatu, min hartzeko arriskua dagoelako. Dena den, golfean aritzen naiz noizean behin.
Etxetik kanpo ongi moldatzen zinela argi dago. Dena den, Aritz izenak buruhauste bat baino gehiago eman izan dizu.
[Barrez]. Euskal Herrian izen arrunta da, baina hemendik kanpo ez. Askotan ibili behar izan dut letrak banan-banan esaten. Pitza bat eskatzeko deitzen nuenean, adibidez, David izena nuela sarritan esaten nuen, konplikaziorik ez izateko.
Valentziako edo Mallorcako taldekideek galdetzen al zizuten euskararen inguruan edo Euskal Herriaren inguruan?
Kuriositatea denek edukitzen zuten, eta hainbat gauza kontatzen nizkien. Dena den, kanpoan nahiko ezjakintasun handia dago Euskal Herriak biltzen dituen gauzen inguruan. Hedabideen erruz gaizki informatuta daude. Ni saiatzen nintzen azalpenak ematen, eta hemengo musika ere jartzen nuen aldageletan.
Fuente: Berria
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
0 comentarios:
Publicar un comentario